top of page

Azken lerrotik lehenengora: beharrezko aldaketa

  • situraijim
  • Sep 28, 2025
  • 2 min read

Lehengo egunean zerbait gertatu zitzaidan gimnasioan, spinning klase batean.


Hasi baino bost minutu lehenago iritsi nintzen. Aretoa nahiko betea zegoen: hamabi bat emakume sartu ziren ni baino lehenago, eta denak atzeko lerroetako bizikletetan zeuden. Aurrera begiratu eta atentzioa eman zidan lehen hiru lerroak hutsik zeudela, existitzen ez balira bezala.


Klasea hasi zen. Une horretan gizon bat sartu zen. Lasai agurtu, gelan aurrera egin zalantzarik gabe, eta lehen ilarako bizikletan eseri zen, irakaslearen aurrean. Inork ez zion arraro begiratu, inork ez zuen zalantzan jarri bere erabakia. Munduko konfiantza guztiarekin hartu zuen leku hori.


Eszena grabatuta geratu zitzaidan. Ez ohiz kanpoko ezer egiten zuelako, aitzitik munduko gauzarik naturalena zen, baizik eta beste guztien jokabide kolektiboarekin kontrastatzen zuelako. Guk, hitzik esan gabe, atzera egin genuen.


Itxuraz hutsala den keinu hori askoz sakonagoa den zerbaiten isla da: emakumeok espazioa okupatzeko nola sozializatuak izan garen.


Ez da gimnasio bateko leku bat bakarrik. Ikasgeletan, lanetan, bileretan, kaleetan pasatzen da. Ez eteten irakatsi ziguten, ahotsa gehiegi ez altxatzen, enbarazurik ez egiten. Erdigunearen aurretik txoko diskretuak aukeratzen. Bidezkoa dena okupatzen eta, ahal bada, pixka bat gutxiago.


Bigarren planoa bilatzeko joera hori ez da ezerezetik sortzen. Hainbat urtetako mezu esplizitu eta inplizituen emaitza da: “hezia izan zaitez”, “ez zaitez deigarria izan”, “ez izan mandona”, “hobe diskretua harroa baino”. Azken lerroan egotea seguruagoa dela ikasten dugu azkenean: hor inork ez zaitu epaitzen, inork ez zaitu seinalatzen, inork ez du espero zuk gidatzea.


Bitartean, gizonek beste ikasketa bat jaso dute. Aurrean jartzea ez da arriskua, eskubidea baizik. Ozen hitz egitea ez da enbarazu egitea, parte hartzea baizik. Konfiantza izatea ez da gehiegikeria, naturaltasuna baizik. Horregatik gela horretara sartu zen gizona lehen lerroan eseri ahal izan zen gehiegi pentsatu gabe, justifikatu behar zuela sentitu gabe.


Galdera da: Zer ondorio ditu desberdintasun horrek?


Hondoa aukeratzen badugu beti, ikusezin bihurtzeko arriskua dugu. Gimnasioan, bulegoan, bizitza publikoan. Ez gaituzte ikusten, ez gaituzte entzuten, ez gaituzte lidergoarekin edo erabakiak hartzearekin lotzen. Eta kezkagarriena: batzuetan ez gara konturatzen baztertzen ari garela.


Espazioa okupatzeak ez du esan nahi inor inbaditu edo lekuz aldatu behar denik. Aurrean egoteko, ikusiak izateko eta entzunak izateko eskubidea ere badugula onartzea esan nahi du. Aurrera egitea esan nahi du, hankak dardarka baditugu ere, nahiz eta epaituak sentitu, nahiz eta ohiturak ezkutatzera bultzatu.


Agian kontua ez da beti lehen ilarara pasatzea, baina bai geure buruari galdetzea: zer galtzen dut atzera joaten naizen bakoitzean pentsatu gabe? Zer gertatuko litzateke egunen batean dagokidan lekua hartzera ausartuko banintz?


Eta orain galdetzen dizut: Zure bizitzako zein espaziotan aurkitzen duzu zeure burua azken lerroan etzanda, konturatu gabe? Zer gertatuko litzateke lehenengoa aukeratuko bazenu?



 
 
 

Comments


bottom of page